Kaixo guztioi berriro! Praktiketatik itzuli gara eta gure lanei ekin diegu berriro. Egia esan, pixka bat estututa gaude, gutxi geratzen baita ikasturtea amaitzeko, eta lan dezente ditugu entregatzeko (K6, Wix, Sites, Blog...). Hala ere, ziur nago ahaleginarekin eta talde lanarekin emaitza onak lortuko ditugula.
Lehenengo egunean denok igo gara informatika gelara, hor banaka kontatu dugu gure esperientzia praktiketan, eta komentatu ditugu gustatu zaizkigun gauzak, gustatu ez zaizkigun gauzak, anekdotak... Oro har, esperientzia onak izan dira guztiak, eta horietako bakoitzetik zerbait ikasi dugu. Nire kasuan, konturatu naiz hain haur txikiekin zailagoa dela jarduera zehatzak egitea, denbora gehiena haien oinarrizko beharrak (lo egitea, jatea, pixoihala aldatzea...) betetzen aritu garelako. Oso interesgarria eta aberasgarria iruditzen zait bakoitzak praktiketan bizitako esperientzia komentatzeko jarduera hori, beste pertsona batzuen bidez ikasteko eta hausnarketa pertsonala egiteko aukera ematen baitu.
Gainera, aste honetan K6ko gure proiektua lantzen aritu gara. Entregatu dugun lehen zirriborroa zuzendu digute, eta gauza asko hobetu behar ditugu. Batetik, gidoia luzeegia da eta akzio asko du. Antzezlan bat egiten dugun lehen aldia denez, ez dakigu askorik gaiari buruz, eta gidoia egiten ari ginenean gure irudimena hegan egiten utzi genuen, pentsatu gabe hori guztia antzezlanean irudikatu behar zela eta gehiegi dela. Era berean, gidoi osoa aldatzean marko teorikoa ere aldatu behar dugu, gai asko jarri baititugu eta bakar batean zentratu behar baitugu. Hala, bada, gai nagusia papera izatea erabaki dugu. Gainera, Alaitzek asko lagundu zigun erreferenteak bilatzen, Piaget bezalako egileak jarri genituelako, eta hori oso zaharra da gauden garairako. Beraz, esparru teorikorako erreferente modernoagoak bilatzea erabaki dugu.
Hurrengo egunean, Alaitzek denbora librea utzi zigun gure proiektuetan lan egiteko. Horrela, bada, gure taldeak egin zuena lana aurreratzeko banatzea izan zen. Batzuk Sites hobetzen hasi ziren, beste batzuk gidoia berriz egiten eta beste batzuk marko teorikoa idazten.
Amaitzeko, Federico García Lorcaren esaldi bat aipatu nahi nuke, antzezlanarekin gure taldeari gertatu zaiguna pixka bat irudikatzen duena:
"El teatro es la poesía que se levanta del libro
y se hace humana. Y al hacerse humana,
habla y grita, llora y se desespera".
No hay comentarios:
Publicar un comentario